top of page

Abenduaren 3ko adierazpen instituzionala

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2015

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Festa ederra da Euskararen Nazioarteko Eguna Euskal Herriko eta mundu zabaleko euskaldunontzat ez ezik, munduko edozein bazterretan hizkuntza aniztasuna sustatu eta babestu nahi duen ororentzat; azken batean, hiztunak baitira hizkuntza baten benetako protagonistak. Euskara biziberritzeko prozesua, gorabeherak gorabehera, arrakasta baten historia da Euskal Autonomia Erkidegoan: prozesu sozial eredugarria da eta munduan zehar oso aintzakotzat hartua. Euskarak aurrera egin du gizarte oso baten ahaleginari esker, eta hazkunde hori demografikoa izateaz gain, funtzionala eta geografikoa ere izan da. Beste askoren artean, bi arrazoi nagusi daude gorakada hori azaltzeko: batetik, hezkuntza; eta, bestetik, helduen euskalduntzea. Bien ekarpenik gabe nekez uler zitekeen hazkundea. Beste hitz batzuekin esanda: guztiaren oinarrian milaka herritarren hizkuntza hautu librea dago, euskararen hautua, norberarentzat edo seme-alabentzat egindako euskararen hautua. Hori dela-eta, eredugarri diren horiek hartu ditugu aurtengo ospakizun egunerako ardatz: euskaldun berriak. Bereziki, heldutan euskaldundu direnak, ahaztu gabe beren seme-alabentzat euskarazko etorkizuna ahalbidetu duten gurasoak. 300.000tik gora euskara hiztun berri ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan; hori da azken 30 urteotan euskarak irabazi duen hiztunen multzoa. Multzo zabala. Itxaropena elikatzen eta geroa sendotzen duen multzoa. Euskarak hil edo bizikoa duen multzoa. Haientzat, gure omenaldia, gure aitortza zintzoa, gure esker ona.

Helduen euskalduntzeaz hitz egiten denean, euskaltegi moderno baten irudia datorkie burura askori, batez ere gazteei; orain dela berrogei urte, ordea, oso bestelakoak ziren gauzak. Garai hartan, belaunaldi oso bat jarri zen martxan euskara ikasteko. Lanetik edo eskolatik atera ondoren joaten zen jendea euskara ikastera, euskaltegi izatera heltzen ez ziren ikasgela batzuetara, ofizioa oraindik ikasten ari ziren irakasleen aurrean, esperimentazioan zeuden hainbat metodo erabilita. Orduko hartan ez zegoen euskarazko titulurik: ez zen horrelakorik behar. Ikasle haiek euskaldun osoak izan nahi zuten, abian jartzen ari zen euskararen pizkunde baten partaide. Ikasle horietako asko bidean geratu dira: inoiz ez dira heldu euskaraz hitz egitera; hala ere, horietako gehienek euskararen hautua egin dute seme-alabentzat, eta aukera eman diete euskaraz ikasteko eskolan. Txalotzekoa, benetan! Nahiz eta jakin seme-alabei ezingo dietela nahi bezainbat lagundu etxeko lanetan, etxetik bermatu ezin dieten euskarazko etorkizuna aukeratu dute haientzat. Harantzago heldu dira beste batzuk: hizkuntza ongi ez menderatu arren, euskaraz egin diete seme-alabei jaiotzetik bertatik, horrela euskararekiko gertutasuna bermatuz, baita ingurune erdaldunenetan ere.

Soka hori ez da eten ordutik hona, eta, garai hartan bezala, urtero-urtero milaka lagunek erabakitzen dute euskara ikastea eta euren buruari leiho berri bat irekitzea horrela. Egia da euskara ikasteak ahalegina eskatzen duela; baina egia ere bada ahalegin hori ez dela atzerriko beste hizkuntza batzuk ikasteak eskatzen duena baino handiagoa. Apur bat saiatuz gero, euskara ikasi daiteke: baita ederki ikasi ere. Horren lekuko dira heldutan ikasi duten herritar guztiak. Noizean behin akatsak egiten dituztela? Animo! Gaztelaniaz baino traketsago mintzatzen direla? Aurrera! Euskaldun berriak eredu dira guztiontzat, euskaraz dakitenentzat nahiz euskararik ez dakitenentzat, euskararen biziraupenerako bermea dira, euskara erabiltzeko aukerak nabarmen biderkatzen baitzaizkigu haiei esker. Lehenago edo beranduago, euskara aldatuko da, euskaldun berriak tarteko: ez diogu horri beldurrik, badakigulako, jakin, euskararik txarrena dela egiten ez dena. Betor, bada, euskaldun berri andana, horiek guztiek aberastu egingo baitute euskara eta euskal hiztunen jarduna. Hiztunak behar ditu euskarak, maila eta modu guztietako hiztunak. Mesedegarri da norberarentzat euskara jakitea, bide ematen diolako euskal gizartearen pluraltasuna hobeto ezagutzeko eta ulertzeko; baina, oroz gainetik, mesedegarri eta erabakigarri da gizarte-bizikidetzarako. Azken finean, euskarak irabazitako hiztun bakoitzak euskaraz aritzeko aukerak zabaltzen dizkie bere inguruko gainerako hiztunei. Gure bizikidetzaren oinarri nagusietarikoa da hizkuntza eskubideak bermatzea eta errespetatzea, inor ez behartzea hizkuntzaz aldatzera. Eta horretarako behar dugu elebitasuna, ahalik eta elebitasunik orekatuena, ahalik eta elebitasunik zabalena eta osoena, aukera berdintasunean oinarrituriko elebitasuna. Gure herrian, bi hizkuntza ofizialak ezagutzera –eta biak erabiltzera– helduko gara pixkanaka-pixkanaka, eta, hori gertatzen denean, nahi duenak nahi duena erabiliko du, hurkoa hizkuntzaz aldatzera behartu gabe, gaur egun oraindik ere sarriegi gertatzen den bezala. Euskaldun berriak aitzindari dira hizkuntza askatasun efektiborako eta demokrazia linguistiko iraunkorrerako bidean; aitzindari, azken batean, euskal gizartearen berdintasuna eta kohesioa sendotzeko bidean. Euskaldun berria, beste guztiaren gainetik, hizkuntza askatasunaren aldarrikapen biziduna baita. Horregatik dagokie omenaldi xume bezain egiati eta bihotzeko hau Euskararen Nazioarteko Egunean.

Ia lau mende joan dira Esteve Materrak 1617an Doctrina Christiana liburua ondu zuenetik. Hain zuzen ere, arrasto dokumentatua utzi digun lehen euskaldun berria dugu Materra, eta haren ildotik, nahiz eta oso bestelako literatur jardunean, beste euskaldun berri baten obra aipatu nahi dugu gaur: Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema liburua, 1964an argitara emana. Arestiren hitzak dira, batetik, “Niretzat euskara premia bat da”, eta, baita ere, “Ene arimaren ogia euskara da. Horregatik mintzatu naiz ogi materialaz eta espiritualaz. Mutiko gaztetxo bat izan nintzenean, euskara falta ukan nuen”. Ezinezkoa litzateke iraganean izan ziren, gaur egun diren eta etorkizunean izango diren euskaldun berri guztien aipamena egitea. Horregatik, haien guztien ordez ekarri nahi izan ditugu gogora gaur Materra eta Aresti. Haiek publikoki goraipatuz, euskaldun berri guztiak nahi ditugu omendu Nazioarteko Euskararen Egun honetan. Baina omenaldirik egokienak omenduaren eredua jarraitu eta zabaltzea denez, gaur Euskadiri eta mundu zabalari luzatzen diogun aitorpen honen bidez berretsi nahi dugu euskara biziberritzeko lanean tinko jarraituko dugula herri erakunde sinatzaileok, besteak beste euskal hiztun berriak etengabe sortzen laguntzeko lanean jarraituz eta haiek eskuratu duten hizkuntza erabiltzeko aukerak areagotuz. Euskararen bizi-indarra bermatzea baita, zalantzarik gabe, euskaldun berri orok eginiko ahalegina aitortzeko eta eskertzeko gure gizarteak duen modurik onena. Euskaratik urrun dagoena euskarara hurbilduz, euskaraz badakienak erabiliz, finean bihotzetik ezpainetara eramanez iraunkortu dezakegu euskararen hazkundea. Euskaldunok euskara beti izan dezagun. Vitoria-Gasteiz, abenduaren 30a


bottom of page